XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste mundura joango haiz, laster baino lasterrago joan ere, baina ilea, kolorea, ipurzuloa eta duintasunaren jabe, hori bai.

Azken egunetako gorabeherak medio, nahiko ahazturik hituen tabernako ohizko bisitak, eta harridurazko aurpegiz errezibitu haute heure lagunek itxuraz argalago eta aurpegieraz zurbilago atea zeharkatu duanean.

Hala, koadrillako ahobero eta berbatiak koadrilla guztietan ohi duk holakoren bat hiregana hurbildu eta sorbaldan sekulako eske-zartada eman ondoren, mostradorerantz eraman hau, ia narrastaka:

- Atera ezak kopa doblea pipergile honentzat, barnetik ustel dagoelako itxura zekarrek eta!!!

Tragoskadaka edan behar izan duk bizitza osoko koparik desatsegina, eta laster ulertu duk gauzak ez direla uste bezain errezak, batez ere kontutan izanik heure mogidak, nahitaez, zerikusi gutxi duela jadanik heure lagunenarekin, ardo eta pattarrik edateko gogogabekeriaz gain parrandarako ere indarrak erdi abandonaturik dauzkak eta.

Burura etorri zaian lehenengo aitzakiz ohi baino garaizago etxeratu haiz, tabernara berriro ez jaisteko konpromezu sakona hartu eta gero.

Azken zorigaiztoko kopa hargatik edo, Jesukristonak izan dituk uneoroko hazkurea eta kaka egiteko mina, hainbeste non serioski planteatu diok heure buruari ea benetan merezi ote duen kaka egiteak, eta bigarren edo hirugarren aldiz ordu laurdeneko sofrimendu pairaezinaren ostean ezetz erabaki: aurrerantzean ez duk sekulan kakarik egingo, eta hortarako ezagutzen duan erremedio bakarra jarri duk praktikan: jateari utzi, (...).